lunes, 2 de noviembre de 2009

H.G. GIGER DONOSTIAN


Urtero Donsatian ospatzen den "Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Astea"-ren aitzakiarekin, H.G. Giger-en inguruko erakusketa parea bisitatzeko aukera izango da datorren hilabeteetan:


H.R.Giger. Atzera begirakoa / Retrospectiva

Sala kubo-Kutxa

urriak 15 - urtarrilak 10


H.R. Giger. Lan grafikoak / Eskulturak

Galería Arteko

urriak 16 - abenduak 12






H. R. Giger suitzar artista polifazetikoa dugu (Chur, 1940), alegiazko munduaren sortzailea, mundu zirraragarri eta liluragarria, cyborg, munstro, deabru eta jainkosa sataniko, fetix eta pasarte gotikoz betea. Arte Fantastikoaren ordezkari nagusienetakoa da eta egungo artista garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Sailkatzeko zaila den sortzaile honek, sinbolismo eta surrealismoarekin lotura asko ditu. Baina bere surrealismoa iluna eta beldurgarria da, kezkagarria, askotan amesgaizto itxura duten eta artegatasuna sortzen duten imajina irudikorren bidez proiektatua.


Giger-en irudia bere sorkuntza entzutetsuenarekin lotzen da berehala, hainbeste irakurgai sortu dituen Alien (Ridley Scott, 1979) filmeko munstro protagonista. Giger ezaguna baita atmosfera klaustrofobikoen sortzaile eta munstro diseinatzaile gisa, bereziki bere ibilbidean giltzarri izan den film horrekin lortu zuen arrakasta dela eta. Kritika espezializatuak Alien-arekin egin zuen lanak zientzia-fikzioaren looka aldatu zuela, generoan iraultza egin zuela adierazi izan du. Hirurogeiko hamarkadara arte gutxietsia zen generoari aukera berrien atea ireki zion. Bere look ilun eta makurra, berehalako eragin aztoratzaile izateaz gain, erreferente bihurtu zen, eta bere munstroa zinema garaikideko ikono ospetsu bilakatu zen, publikoak oro har aintzat hartua, ez generoaren zaleek soilik.


Baina, ororen gainetik, Giger artista plastikoa, marrazkilaria, eskultorea, eta batez ere, pintorea dugu. Hala adierazten du berak, bere estilo pertsonalari “biomekaniko” deitzen baitio, trebetasun handiz jatorri naturala (biologikoa) eta artifiziala (teknologikoa) duten formak sintetizatuz. Sinbiosi hori, ikonografiaren ikuspuntutik organikoaren eta ez-organikoaren arteko bat-egitetzat hartzen da, anatomiak eta organoak objektu industrialekin, haragia metalarekin batuz. Baina haragia gaixobera eta ustela, eta metala, berriz, ahaltua eta zikina. Ez da bat-egite atsegina, aitzitik, konplexua eta ezerosoa da, egonezina eta urduritasuna sortzen duena. Hori da arte modernoari egin dion ekarpen handietako bat, estetika nahastezina sortzeko erabiltzen duen kontzeptua, gaur egun gizakia inguratzen duen arazoari heltzeko, bereziki teknologiari dagokionari, bere ingurua inbaditzen duten makinen esklabo bihurtu baita gizona.